Joaquin Pildainek Abesbatza osatzeko lehenengo urratsak egin zituen arren, Abesbatza 1971. urtean sortu zen, Juan Urteagaren zuzendaritzapean, emakumeen Stella Maris eta gizonen Sine Nomine abesbatzetatik etorritako abeslariekin batipat. Hasierako aldi honetan lortu zuen Donosti Ereski Abesbatzak bere lehenengo Urrezko Domina Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan.
1977tik 1990 arte Donosti Ereski Miguel Amantegik zuzendu zuen. Garai hartan Abesbatzak maila artistiko oso altua eta bere saririk inportanteenak lortu zituen. Nazioarteko Emanaldi garrantzitsuetan hartu zuen parte, hala nola Donostiako Hamabostaldian, Santander, Citté dei Fano (Italia), Atenas, etab. Tolosako eta Tours-eko nazioarteko txapelketetan lehenengo sariak eta urrezko dominak lortu zituen.
1985an Abesbatza europar ordezkari izendatu zuten Strasbourgen (Frantzia), han ospatu zen “Mundus Cantat” deitutako Federazio Koralen mundu-mailako kongresurako, non amaiera-kontzertuan partaidetza garrantzitsua izan zuen.
1990an Amantegi Madrilera aldatu zenean, Juan Jose Oconek hartu zuen zuzendaritza.
1994tik 2010 arte Miguel Zeberiok zuzendu zuen Abesbatza. Garai hartan abeslarien berrikuntza ia erabatekoa osatu zen. Aldi honetan ekitaldi hauek dira nabarmentzekoak: Danimarkatik, Italiatik eta Alemaniatik egindako Birak; baita ere “Convention of North American Basque Organization” (1996) topaguneetan partaidetza, zeinen baitan San Francisco, Reno, Elko eta Bloise hirietan emanaldiak egin ziren; Donostiako Hamabostaldian, Miramongo Matinéetan eta Norvegia & Euskal Herria Kontzertuan partaidetzak; kontzertua Eliz Barrutiko Museoan XXI. mendeko artearen aurkezpenean, eta hainbat lehiaketa Andorran, Ciezan, Santo Domingo de la Calzadan, Leon, Benasquen, Jakan, Burgosen, etab.
Garai hartan ere “Ereskitxo” sortu zen, urte batzuetan zehar bere kantuekin poza eman zigun haurren abesbatza.
2011tik JON AIZPURU musikariak zuzentzen du Donosti Ereski Abesbatza. Harekin garai berri bat hasi zen, non errepertorioa eta musika-estiloa eraberritzen aritu diren. Garai honetan Abesbatzak egin dituen emanaldi garrantzitsuenak hauek dira: Salamanca (Kontzertua Katedralaren V. Mendeurrenean) Zamora (Zamorako Katedralean), Valladolid, Balmaseda, Urtheko Monasterioa (Frantzia), Santa Maria Baseliza (Donostia), Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Urteagaren Mendeurreneko Amaierako Kontzertuan. Pilsen hiriak 2015eko Kapitalitate Kulturala hartu zuenean Donosti Ereski gonbidatu zuen hango kultur ekintzetan parte hartzeko.
Azken urteotan Abesbatzak Italian abestu du behin baino gehiagotan. Azken aldia 2018an izan zen, non Vicenzan, Gardako Lakuan eta Venezian bost kontzertu egin zituen.
2019tik gaur egun arte, eta pandemiak zailtasun handiak sortu dituen arren, nabarmentzeko jarduerak ere baditugu, hala nola 2019an Haurren Eskubideen Nazioarteko Hitzarmenaren 33. Urteurrenagatik egindako kontzertua, eta 2021. urtean Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapena gogoratzeko kontzertuaz gain, gure partaidetza Errenteriako Euskal Musikaren Astean (Musikaste).