Gizonezkoen Gregoriar Scholaren historia

Historia

1971 urteaz geroztik Donosti Ereski Gregoriar Schola izenez ezagutzen den talde honek Donostiako San Bizente elizako Sine Nomine koruan eta tiple-taldean izan zuen jatorria, duela mende-erdi baino lehenago. On Gelasio Aranburu Alkain (1896-1968) apaiz eta musikari ospetsuak zuzentzen zuen koruko partaideek osatu zuten, nagusiki, gregoriar taldea.

Donosti Ereski Kultur Elkarteko Gregoriar Scholak berrogeita hamar urte inguru daramatza musika gregorianoa osatzen duen kanta-multzo zabalaren hedapen-lanetan, beti ere gaur egungo interpretazio-korronte berrienak erabiliz.

Scholak urtetan kantu gregoriano klasikoa landu duen arren —Liber usualis liburuko kantutegia, hain zuzen ere—, azken boladan Gipuzkoako kantu gregorianoan murgildu da. Tokiko tradizioek kantu gregorianoari egin dioten ekarpen handiaren jakitun, Gipuzkoan erabat ahaztuta eta baztertuta zeuden liburuetan jasotzen diren kantu-liburuak eta kodexak ikertzeko, digitalizatzeko, transkribatzeko eta interpretatzeko lanean dihardu, Gipuzkoako gizarteak altxor hori ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan dezan.

Liburu horien artean daude, besteak beste, Benedicta, Arantzazuko ofizio propioa. 450 urte baino gehiago ditu, eta, duela berrogeita hamar urtera arte, Arantzazuko santutegian kantatzen zen, José Juan Santestebanen obraren aukeraketa batekin batera.

Donosti Ereski Gregoriar Scholak Azken mendeetako gipuzkoar gregorianoa disko-liburua kaleratu zuen 2018ko abenduan, Gipuzkoako musika-ondarea ikertu eta ezagutzera emateko helburuarekin. Lanak hiru mendetako hainbat liburutan jasotako kantu lauen melodia-sortak biltzen ditu: Oñatiko Kodexa (1614), Donostiako San Telmo domingotarren monasterioan predikadoreen ordenak egindako Azkoitiko Kodexa (1772) —biak ala biak Donostiako Elizbarrutiko Artxiboan gordeak—, eta Hernaniko organista eta irakasle izandako Juan Manuel Larrartek Hondarribiko parrokiarako idatzitako liburua (1828), zeina aipatu parrokian bertan gordetzen baita. Melodia horiek azken 500 urteetan Gipuzkoako elizetan izan den musika-aberastasuna erakusten dute.

2019 urtean, Oñatiko komentuetako kantu-liburuekin buru-belarri jardun zuen taldeak; Bidaurreta eta Santa Anakoekin, hain zuzen ere. eta tartean dago emakume batek idatzitakoa: 1697. urtean, Bidaurreta monasterioko sor Maria Magdalena de la Esclavitud Isidua koru-bikarioak idatzitakoa, hain zuzen ere.

Liburuak hainbat ofizio biltzen ditu; frantziskotar santa-santuenak batez ere: S. Frantzisko, Santa Klara, Paduako San Antonio, Sta. Eulalia, etab.

Donosti Ereski gregoriar taldeak hamalau ofizio horietatik hiru egokitu eta prestatu ditu: San Frantziskorena, Santa Klararena eta Paduako San Antoniorena, partitura berriekin liburuxkak eginez, beti ere sor Maria Magdalenak idatzitako aldaerak errespetatuz. Emakume batek lanok idatzi izanari ere garrantzia eman diogu; zeren gehienetan fraideek eginak izaten baitziren emakumeen komentuetan erabiltzen zituzten liburuak. Oñatin bertan ikusi ahal izan dugu hori: Bidaurretako eta Santa Anako liburuak aztertu ondoren, mordoxka bat Arantzazun eginak direla baiezta dezakegu.

2020 urteko egitasmoak, hau da, Orixek euskaratutako hainbat kantu gregorianorekin partitura berriak egin eta, ondoren, disko bat grabatzeko asmoak atzeratu behar izan ditugu, koronabirusa dela eta sortu den egoera ikusita.

Taldeak emanaldi ugari eskaini ditu, bai Euskal Herrian, bai Estatuko beste herrialdeetan barrena ere: Donostiako Musika Hamabostaldiko “Antzinako musika” sailean Arantzazun (2001), Mutrikuko Kristo Kalbariokoaren ermitan (2004), Ama Guadalupeko Ermitan (2006), Donostiako San Bizente elizan (2018), Baionako katedralean, Iruñean, Santanderko musika-jaialdietan, Avilako Nazioarteko Gregoriar Jardunaldietan, Daxeko (Frantzia) II. Arte Sakratuaren Jaialdian, Bratislavako (Eslovakia) Musika Gregorianoaren Nazioarteko Jaialdian, Cuencan, Torroella de Montgrin, Santo Domingo de la Calzadako katedralean, (2019) Artiedan, Seguran, Hernanin, Pasaian, Errenterian, Oñatiko Musikegunak-en (2019)…., eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan; azken horretan, urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu zituen, gregoriar modalitatean.

2019ko urrian, Asisko (Italia) ASSISI PAX MUNDI urteroko jaialdian parte hartzeko aukera izan zuen taldeak, eta Bidaurretako San Frantzisko eta Santa Klararen ofizioak eskaini zituen. Ofizio horiez gain, zenbait euskal musikarik (Aita Donostia, Nemesio Otaño, Ibargutxi, etab.) musika gregorianoaz egin dutena ere erakutsi ahal izan zuen.

Gizonezkoen Gregoriar Schola Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide da, eta kantu-ikerketarako AHisECGre elkarte hispanoaren bazkide fundatzailea.